LABURPENA. ondokoarena

LABURPENA

ondokoarena

“Frankoak iparraldean eta bisigodoak hegoaldean. Goi Erdi Aroan, euskotarrek euren hizkuntzaren, berenez zegozkien balioen eta gizarte-ereduaren alde egindako gudu epikoa”

Artikulu horren helburua hauxe da: zenbait egitate eta jazoeraren azterketa. Hau da, dokumentazio-iturriak arakatu-aztertu ezkero egitate-jazoerok —esangurari dagokionez— agerikoak dira; alabaina, instituzioetiko historiografiak ez ditu ikusi nahi ezta antzeman ere; beharbada, euren kontakizun zalantzagarriak aldatu egiten dituelako funtsean, eta, halaber, euren isilune ez-duinak.

Guztiarekin ere azpimarragarriena hauxe da: V. mendearen erdialdetik X. mendeko Simancaseko batailara doan aldian —bataila horretan, Abderraman III kalifak gidatutako 100.000 gizoneko armada txikitu-akabatu zen—, euskotarren herriak aurrez aurrekoak izan zituen Europa Mnedebaldeko lau inperio garrantzitsuenekin, eta laurok bentzitu zituen. Ez zituen osoro bentzitu, baina bai neurri handi baten; batetik, euskotarren iraupena bermatzeko bezainbeste, politika, etnia, hizkuntza, kultura, ekonomia, lurraldeari eta demografiari dagokienez; eta, bestaldetik, lau inperioak krisiren eta desegitearen bidean abiarazteko, horrexek azkartu baitzuen haien akabua.

Besteak beste, Bagauda euskotarrak izan ziren indarretako bat, Mendebaldeko Inperio Erromatarraren akabera azkartu zuena, eragin mugatuarekin, baina kontuan hartu beharrekoa betiere. Bi mende eta erdi iraun zuen gudaldian, euskotarrek Toledoko Erreiñu Bisigodoarekin izan zuten borroka erabakigarria izan zen, erreiñu hura desegin zedin; izan ere, 650. urtean agerikoak baitzituen amaiera-zantzuak. Hori oraindik argiago ikusten da Karolingiar Inperioaren kasuan, zeina izugarrikeria eta disfuntzionaltasunen batuketa nahasi bat baitzen. Orreagan izan zuen hondamenak —luza gabe— desegite-bidean ipiniko zuen. Karlomagnok berak ere egoera horixe izango du, bere azken urteetan. Simancaseko guduaren (939. urtea) garrantzia politikoa eta estrategikoa erabakigarria da; izan ere, abiarazi egiten du inperialismo islamiarraren beheratzea eta dekadentzia mundu osoan zehar; egoera horrek gaur arte iraun du.

Beraz, euren betiko lurraldetik mugitu gabe, inperialismo-lehiari sekula amore eman gabe (beti ere euren burua defendatzeko gerletan borrokatuz, sekula ere ez konkistak egitekoetan; gorabehera horrek merezi du esplikazio bat, mundu mailan bakanetariko baita; berez, horixe ondorioztatu behar da aipatu artikuluan zehar azaldutakoetatik), euskaldunek atzera eragin eta bentzitu egiten dituzte: Mendebaldeko Europako Goi Erdi Aroko historia oso markatu duten lau inperioak. Euskaldunen herriak —gaur egun dena delakoak— irautea lau garaipen horien bitartez ulertzen da.

Horren zergatiak esplikatzeko, iturri historikoetara jo behar da, egia bilatzeko borondatearekin baina.

Iturri haietara jo ezkero, argiro nabarmentzen da eze, batez ere Hegoaldeari dagokionez Goi Erdi Aroko euskal gizartean ez zela klase-diferentziarik ezta estatu-erakunderik ere. Bazuen, ordea, bitartekari gabeko edo zuzeneko demokrazia, batzarrearen antolakunde bikainean oinarritutakoa, zeinak —euskaldun ororen artean— ezartzen baitzuen berdintasun politiko funtsezkoa, libertatearekin, demokraziarekin eta autogobernuarekin.

Batzarretik eratorrita eta zutabe erabakigarri izan zedin, bazen euskal herri-milizia, “etxeko bakoitzeko gudulari bat” sistemaren arabera osotua, eta horretan dakusagu: herritarren armatze-orokorrari buruzko printzipio demokratikoaren agergarri epiko-heroikoa. Berdintasun politikoa berdintasun ekonomikoarekin osotzen zen, herri-jabegoa edo komunala tarteko, zeinak komunitatea herrikoia egiten baitzuen produkzio-baliabide printzipalen jabe, ezen ez lurjabe handiak edo plutokratak. Horrezaz gain bazen berdintasun soziala, auzolanean agertzen denez, betiere horri bere osotasunean erreparatu ezkero, hau da, askatasunean lan egiteko era zenez, lehenagoko lan morrontzakoa gainditzen zuena. Morrontzako lan-era horrek eragozten baitzuen —aurretiko Europan— gizarteek aurrerabiderik edukitzea. Guzti horri erantsi behar zaio matrilinealitatea, andrazkoan eta gizonezkoen arteko berdintasuna gizarteko subjektu zirenez. Familia zabalaren (etxearen) instituzioak eta auzotarren laguntzaz umeak hazteko erak (atxolorra) osotzen dute instituzio-bilbea. Herritarren askatasuna eta burujabetasuna eratuta zeudenez, gizakiaren bataz besteko kalitatea handia zen. Hizkuntza-kultura zenez, euskarekiko atxikimendua handia zen; izan ere, berekin baitzuen balio-sistema bat, ordena axiologiko bat, berezkoa eta berezia. Eraketa sozial hura zen, aldi berean, Askatasunaren Gizartea, Gizarte Komunala eta Moraltasunezko Gizartea.

Erromatarren inperioaren eta estatuaren menpean ez ziren halako instituzioak, baina X. mendetik aitzina ugaria den dokumentazio idatzian apurka apurka agertuz doaz komunala eta batzarrea. Ohiturazko ahozko euskal zuzenbidearen transkripzio konplexuak dira udal foruak, eta eurok aztertu ezkero agertzen dira batzarrea eta komunala. Eta hor dago aipatu lorpen erabakigarrien gakoa.

Eraketa sozial batek ondo antolatua badago instituzio-bilbeari, euskarri ekonomikoari eta oinarri demografikoei dagokienez, eta horrezaz gain kalitate handiko gizakiak baditu; bada, ulertzekoa da gauza izatea aipatu lau inperio makurrei atzera eragin izana. Bestalde, eraketa hori berez zuzena baitzen, borrokan egiteko helbururik izan zezaten, gizakiei motibo sendo, objektibo eta subjektiboak ematen zizkien. Beraz, erakutsi zuen garaitezina eta apurtezina zela.

Ohiturazko euskal instituzioek, iraultza bagaudarekin eratuek, euren funtsezko muinean dituzte gaur egungo problema nagusientzako erantzunak. Goi Erdi Arotiko era koiunturalak kentzen bazaizkie eta XXI. mendeko kondizioetara egokitzen badira, baliagarri dira Iberiako Penintsulan eta Europa osoan zibilizazioa birsortzeko zereginetarako. Horixe egin zuten sasoi haietan, hau da, bostehun urte baino gehiago iraun zuen prozesu gorabeheratsu eta konplexuan.

Félix Rodrigo Mora

TEXTO EN CASTELLANO

 

Esta entrada fue publicada en Artículos y colaboraciones. Guarda el enlace permanente.